XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PALEOLITIKOKO GIZAKIA Paleolitikoko gizakiak, ekosistemaren gain zuen eragina hain ahula zenez, gure gizaki eta ekosistemaren arteko eraginen historia labur honetan, goi-paleolitikoko azken Magdalen alditik hasiko gara eta handik gaur egunerantz etorri.

Euskal gizakiarengandik hurbilen daukagun arbasoa Cro-Magnon gizakia da, zientzi aldetik sinisgarriena den teoriaren arabera.

Gizaki honen lekuz lekuko eboluzio baten ondorioz, gaur eguneko euskal gizakiarengana heltzen gara.

Cro-Magnon gizakiaren aztarnak, Euskal Herrian zehar, hainbat koba eta leizezulotan aurkitzen dira.

Orain dela 30.000 urte Europa osoan zehar hedatua zegoen, beraz, Wurm deritzon azken izoztearen azken aldean agertzen den edo, behar bada, hobeto esanda, ugaltzen eta garatzen den gizakia da.

Magdalen aldia K. a. 19.000 urtean hasten da; Europa guztian klima oso hotza zen.

Kobazuloetako margoetan eta hezur-aztarnetan ikusten denez, Auñamendietatik iparrerantz elur-oreina, eper artikoa, elur-hontza edo eta mamuta bezalako klima hotzeko abereek menperatzen zuten ingurua.

Pirineoen behealdean dauden Euskal Herriko kobetan, ez da klima hotzetako horrenbeste abereren ugaritasunik, eta alderantziz, oreina, ahuntza, bisontea, zaldia eta abar, maiz agertzen dira.

Pirineoetatik gora, aldi honetako bioma tundra bezala sailkatzen da, eta Pirineoetatik behera, datu zehatzik eskuratu ez dugularik, antzekoa baina zerbait leundutzat eman dezakegu.